14 junio 2022

UDUN SAKANA , UR GARDENEKO ALTXOR BAT BURGIN

 Erronkaribar eta Pirinioak beti dira liluragarriak. Leku eder asko ditugu Elizpetik gertu, baita ezezagunagoak diren dozenaka txoko ere. Bada, horietako bat ezagutzeko aukera izan dugu, Burgitik oso hurbil: Udungo zulo edo sakana –Barranco de Udún, gazteleraz–.


Larra Gaztandegiko M. Aznarezek eman zigun pista, bere Twitter kontuan. Ba omen zeuden ur gardeneko putzu batzuk Burgi inguruan… Ederrak, ezta?


Duela aste batzuk pista hori jarraitu zuten Elizpeko kide batzuk. Eta, kostata izan bazen ere, Sandraren azalpenei esker, topatu zuten leku eder bezain ezkutu hau!

Nola iritsi Udungo putzuetara :


Erronkarira bidean, Ezka ibaia gurutzatzen duen zubiaren bihurgunearen ondoren utzi autoa, ezkerraldean. Oinez ere iritsi daiteke, ordubete inguruan (5 kilometro pasatxo).



Zubi aldera atzera egin, eta errepidea tentu handiz gurutzatu eta gero, zubiaren alde batetik ateratzen den bidean behera egin. Segituan dago GR-aren seinalea. Minutu bakarrera, hesi bat pasa ondoren, egurrezko zubitxo batera iristen da bidea.






Zubian, menditik behera datorren errekatxora jaitsi, eta erreka horren ibilguan gora egin behar da. Adi! Abilezia pixka bat beharko da putzuetara iristeko, harriz harri ibili behar baita. Eta, bestela, uda giroan, uretako oinetakoak jantzi, eta arazorik gabe gora egin!




Bost bat minuturen buruan putzuetara iristen da, eta a zer sorpresa. Zein leku ederra! Ur kristalinoak, bainutxo fresko bat hartzeko benetan aproposak. Txikienek aprobetxatu zuten! 

Testua eta argazkiak : Mikel Iraola





No hay comentarios:

Publicar un comentario