15 abril 2020

ERRONKARIN , 850 BIZTANLE ETA COVID-19 KASU BAKAR BAT ERE EZ

Naturaz inguraturik egotea eta hirietatik urrun izatea, horixe da salbatu gaituena». Ondorio hori ateratzen du Erronkariko Udaleko alkate den Amparo Viñualesek, haranean orain arte koronabirus kasu bakar bat ere ez dela agertu zabaldu ostean. ETB-2ko ‘En Jake’ saioan hitz egin du horretaz.



Adierazgarria da bertan gertaturikoa, izan ere askotan nabarmendu da hirietatik urruti egote horrek Pirinio aldeko herritarrei sortzen dien kaltea. Viñuales bera, iaz alkate bilakatu aurretik egoera hori mahaigainean jartzen duen Gaztelu elkarteko eleduna bazen. Emakumezkoek herri hauetan jasaten dituzten zailtasun erantsiak jakitera ematen ditu Gazteluk.

Orain, pandemia saihesteko abantaila izan da «isolamendu» hau. Viñualesek baieztatu duenez, ez da orain arte inor gaixotu eta aurreratzean ere Covid-19ari izkin egiten segitzeko beren burua zaintzen ari dira Erronkariko biztanleak.


Amparo Viñuales  Erronkariko Udaleko alkatea

Populazio eskasa izatea ere aldeko aldagaia bilakatu da orain. Berez, 1.500 lagun daude zazpi herri haietako erroldan, baina erdia baino gehixeago dago Erronkarin konfinaturik aste hauetan (850 inguru), hauek baitira normalean martxoan bertan bizi direnak.

Arrisku handiko biztanleria dela ekarri behar da gogora; %30ak 65 urte baino gehiago ditu, baina birusak ez du haienganako biderik aurkitu.

Gainerako tokietan bezala, ostalaritza eta premiazkoak ez diren zerbitzuak itxita daude alarma egoeraren ondorioz, baina abeltzainak eta nekazariak normaltasunez ari direla aipatu du Amparo Viñualesek. Osasun zerbitzuen lana ere goraipatu du alkateak.


Uztarroze, Izaba, Urzainki, Erronkari, Garde, Bidankoze eta Burgi dira Erronkariko ibarra osatzen duten herriak.

GARA  2020.4.14

https://www.naiz.eus/eu/actualidad/noticia/20200414/hausnarketarako-datua-erronkarin-850-biztanle-eta-covid-19ko-kasu-bakar-bat-ere-ez#.XpYSayssfGQ.mailto

No hay comentarios:

Publicar un comentario